2016 – MAIALEN TREKU – Joséphine Baker

Joséphine Baker
Joséphine Baker
Datu pertsonalak
Izen osoa Freda Joséphine McDonald
Jaio 1906ko ekainaren 3a
Saint Louis (Missouri) (Missouri) (AEB)
Hil 1975eko apirilaren 12a (68 urte)
Paris (Frantzia)
Bikotekidea(k) Willie Wells (1919–1920)
William Howard Baker (1921–1923)
Count Pepito di Abatino (1926–1936)
Jean Lion (1937–1938)
Joe Bouillon (1947–1957)
Robert Brady (1973–1974)
Lanbidea dantzaria, abeslaria, eskubide zibilen aldeko ekintzailea, espia
Webgunea [1]
IMDB IMDBko fitxa


Joséphine Baker (Saint Louis (Missouri), Missouri, 1906ko ekainaren 3aParis, 1975eko apirilaren 12a), jaiotzez Freda Josephine McDonald, AEBetako dantzari eta abeslaria izan zen. Frantses herritartu zen. Arrakasta handia lortu zuen, Parisen batez ere, bere ikuskizunei emandako izaera exotiko eta ikusgarriagatik. 1950etik aurrera, hainbat herri eta arrazatako haurrak hartzera bideratu zituen bere irabaziak, horrela gizartearen senitartekotasuna indartzeko ahaleginean.

Lehen afroamerikar emakumea izan zen garrantzi handiko filma protagonizatu zuena, Zouzou (1934) eta mundu osoan ospea lortu zuen animatzailea izan zen.

AEBetan, eskubide zibilen alde egin zuen (Coretta Scott Kingek mugimenduaren lider izateko eskatu zion 1968an, Martin Luther King hil zutenean, baina Joséphinek uko egin zion eskaintzari). II. Mundu Gerra garaian, Frantziako Erresistentziari lagundu zion eta Croix de guerre jaso zuen han.

 

Biografia

Joséphine Baker, jaiotzez Freda Joséphine McDonald, Saint Louisen jaio zen, Missourin, 1906ko ekainaren 3an. Ama Carrie McDonald izan zuen eta aita naturala Eddie Carson bateria izan omen zuen, baina honek bi emakumeak abandonatu egin zituen[1]. Bikoteak kantu eta dantza egiten zuten emanaldi bat egiten zuen eta, Joséphinek urtebete egin bezain pronto, eszenategira ateratzen zuten amaieran. Umea gaizki jantzita ibiltzen zen normalean eta gosez amorratzen eta kaleak ondo baino hobeto ezagutzen zituen. Ama Carrie Arthur Martinekin ezkondu zen eta beste 3 seme-alaba izan zituen: Richard, Margaret eta Willie Mae. Azkar utzi zuen eskola Joséphinek eta umezaintzan eta neskame izan zen. Garai gogorra zen hura arraza beltzekoentzat eta arrazakeria hori jasan zuen bere gainean artista izango zenak.

Txikitatik lan egiten ohituta, Joséphinek ez zuen menpekotasun ekonomikorik izan bere bikoteekiko eta harremanak hasi eta hautsi egin zituen arazo horretan erreparatu gabe[2]. Amak ez zuen sekula lan serio bat ikusi alabak egiten zuenean eta harreman zailak eraman zituen harekin; opariak eta dirua ekartzen bazion ere, ez zuen sekula eroso sentitzerik lortu eta, horregatik, gustura hartu zuen distantzia, Frantziarantz bidaiatuz. Bakerren gaitasuna ez zen gehiegi apreziatu AEBetan eta, ahizpa hil zenean, ez zen haren hiletetara joan. Hiletak ordaintzeko dirua bidali zuen, baina ez zen itzuli.

Artista

 Josephine Baker, 1926 edo 1927an, bananaz eginiko gerriko ospetsuarekin

 Josephine Baker, 1926 edo 1927an, bananaz eginiko gerriko ospetsuarekin

 Josephine Baker, 1927an

Vaudeville lokal batean froga egin ondoren, lana lortu zuen eta ez zen, jada, eszenategitik jaitsiko. Lehen dantza lehiaketa 14 urte besterik ez zituenean irabazi zuen.

Ezkondu ere oso goiz egin zen, 13 urtekin, baina, 1920an dibortziatuta zegoen, berehala, blues gitarrista zen Willie Bakerrekin ezkondu zelarik. Honen abizena hartu eta erabiliko zuen abizen artistiko bezala.

1920an, lehenengo aldiz dibortziatu zenean, Joséphine Baker Jones Family Band izeneko kaleko artistekin hasi zen lanean, gero Dixie Steppers osatuko zutelarik. Bira Filadelfian geratu zen eta orduan ezagutu zuen Willie Baker, hurrengo urtean ezkonduko zirelarik.

1922an, 16 urte zituen eta dantzari bilakatu zen Filadelfian. Hasieran ez zuten gogoko izan, ilunegi ikusten baitzuten, baina, 1923an, The Dixie Steppers-en koroan sartzea lortu zuen, Shuffle Along (Sissle and Blake) komedia musikalean, New Yorkera joan zelarik.

Broadwayn aurkezteko aukera izan zuen, Chocolate Dandies ikuskizunean eta 19 urte bete gabe zituen neskak Plantation Club eta Harlemgo Cotton Club ospetsuetan aktuazioak egin zituen.

Tximuaren antzera egiten zuela dantza zioten aurkariek, baina miresle asko izan zuen, Pablo Picasso tartean, eta haientxat jazzaren Nefertiti beltza izan zen[3]. Arima librea baino zerbait gehiago zen Baker eta, erdikomedia, erdifeminismo, bularra bilutsik eta 16 bananaz jositako gonotxoa soinean, Joséphinen nortasunak dena gainditu zuen.

1925ean, Parisera joan zen, korista La Reveu Négre ikuskizunean eta egiten zuen Danse Sauvage oso ospetsu bilakatu zen. Urriaren 2an izan zen lehen aktuazioa Eliseo Zelaien hiribideako Music-Hall antzokian, bananaz eginiko gerriko bat soinean. Gaitasun eta edertasun handiko emakumeak Paris konkistatu zuen eta, handik 3 hilabeteetara, paper nagusia izan zuen La Folie du Jour lanean Folies Bergère antzokian[4].

1927rako, Europa osoan gehien kobratzen zuen artista zen eta Gloria Swanson eta Mary Pickforden pareko bilatzen zen mundu osoan haren argazkia.

1930an, kantuari ekin zion eta, hemen ere, arrakasta handiak lortu zituen.

Luzemetraiak ere egin zituen, La Sirène des tropiques, Zou-Zou edo Tam-Tam printzesa, adibidez.

Josephinek Europan erabateko arrakasta izan bazuen ere, ez zuen AEBetan gauza bera lortu eta askok ezin zuten eraman emakume beltz batek horrelako nagusitasuna lortzea.

1937an, frantses naziotasuna hartu zuen eta hirugarren aldiz ezkondu zen, oraingoan Jean Lionekin, baina senar honek ere ez dio gehiegi iraungo.

II. Mundu Gerra garaian, Josephine Baker Parisen zegoen, oraindik, baina Vichyko erregimena ezarri zenean, Frantzia hegoaldera joan zen. Etxean, belgiar errefuxiatu asko izan zituen eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean ibili zen. Erresistentziako kide izan zen, bere lanbideak mugitzeko aukerak errazten zizkiolarik eta, partitura musikaletan, tinta ikustezinez eginiko mezu sekretuak eraman zituen behin baino gehiagotan[5].

1941ean, Espainia eta Portugalera bidaiatu zuen eta, 1942an, berriz, Marokora, tropa frantsesen aurrean aktuatuz eta haiei erresistentziaren mezuak emanez.

Gerra amaieran, Charles de Gaulle presidenteak Ohorezko Legioarekin kondekoratu zuen eta Croix de Guerre domina eskainia zion.

1947an, berriro ezkondu zen, oraingoan, Jo Bouillon orkestra zuzendariarekin.

Gerra amaieran, artisten mundura itzuli zen berriro eta urte askotan egin zuen lan Parisko cabaretetan.

Kubara bidaiatu zuen eta, gero, AEBetara itzuli, afroamerikarren mugimenduei laguntza eskainiz. 1950eko hamarkadan, integrazioaren alde egin nahi zuen eta arraza diskriminazioaren aurka[6].

Mundu bira bat egin zuen, despedidan, eta erretiroa hartu zuen.

Joséphine bere lagun Rainiero eta Grace Kelly artean

Joséphine bere lagun Frida Kahlorekin

Itzulera

Ekonomia ez zihoakion hain ondo, jada, eta eskubide zibilen aldeko mugimenduari lagundu nahi zion, gainera. Horregatik, behin baino gehiagotan itzuli zen Joséphine eszenategira. 1958an, arrakasta handiz agertu zen Parisko Olympian eta mundu osoan jarraitu zuen: Londresko Palladiumen edo New Yorkeko Carnegie Hallen. Oraingoan, estatubatuar publikoaren aurrean aspaldi egon gabe, jendea txaloka hasi zitzaion zutik, kontzertu hasi baino lehen, jada. Joséphineri malkoak atera zitzaizkion orduan.

1963an, berriz, Washingtonerantzako martxan parte hartu zuen.

Familia erraldoi hark asko behar zuen eta gaztelua saldu beharrean izan zen. Grace Kellyk etxe bat utzi zion Monako inguruan zegoen Roquebrunen eta hantxe biziko zen betirako[7].

1975eko apirilaren 8an, 68 urte zituenean, aurkezpen berezi bat egin zuen Parisko Bobino Theaterren, 50 urteko ibilbidea ospatzeko. Grace Kelly, Rainero eta Jackie Onassis finantzatu zuten eta, ikusle ospetsu askoren artean, Monakoko Grace printzesa edo Sophia Loren izan zituen. Baita Diana Ross, Liza Minnelli, Mick Jagger eta beste asko ere[8].

4 egun geroago, konorterik gabe aurkitu zuten Baker. Perla Beltzaren azkena zetorren, jada.

Horrela dio bere idatzi batek:

« Itsusia nintzela zioten / tximuaren antzera egiten nuela dantza / Baina, dantzan jarraitzen dut. / Jazza maite dut / Badut erlijioa / Umeak maite ditut / Behartsuei laguntzen diet / Animaliak maite ditut / egia esaten dute horiek / Dirua asko irabazten dut, / baina ez dut dirua maite[9]  »

Kubara egin zituen bisitak

 Josephine Baker, 1950ean

1950etik 1966ra arte, Joséphine Baker 5 alditan izan zen Kuban. Lehenengo bisita 1950eko abenduan izan zen eta erabateko arrakasta izan zuen bere aktuazioak. Havana Cuban Boys orkestra, Roland Gerbau abeslaria eta Ana Gloria eta Rolando izan zituen laguntzaile eta ikusleek zutik jarri zituen miresmenaren miresmen. Oihartzun handia izan zuen Joséphinek eta Rita Montaner handiak ere imitazioa egin zion Miamiko Martí antzokian.

Bi urte geroago, artista berriro itzuli zen Habanara eta, harrituta geratu zen, hotel batean, azalaren kolorea zela-eta, ez ziotenean sartzen utzi. Luxuzko hotela zen Hotel Nacionalaren administrazioak gela librerik ez zuenaren aitzakia erabili zuen, baina eskandalua piztu zen segituan. Ordu gutxitan, Joséphinek kutatar jendea biltzea lortu zuen, bera bezalako kolorekoa eta, legegizon bat eta testiguak aurrean, oihartzun handiena ematen saiatu zen emakumea.

Baina ez zen eraso bakarra izango. 1953an, Goar Mestrek CMQ emisoraren kontratua bertan behera utzi zuen artistak bere betekizunak ez zituela bete esanez. Arazo politikoa medio, AEBetako enbaxadak non grata deklaratu zuen vedettea.

Baina, diskriminazio ofizial honen aurrean, Kubako publikoak miresmena eta maitasuna erakusten dio Joséphineri. 1968an iritsi zen berriro Habanara, Hiru kontinenteetako konferentzian parte hartu ahal izateko:

« Kubara nator herrialde hau asko maite dudalako. Garai honetarako, ez dago ezer asko humillatuko naunik. Txundituta nago urdintasun hau aurrean ikusita, hain gozo hartzen naun Habana hau. Zuen aurrean egingo dut aktuazioa, daukadan guztia eskaini nahian.[10]  »

Bola de Nieve egin zuen García Lorca antzokian, ikuslegoaz lepo eta, soinean atera zituen eskoteak justifikatzeko, 3 aldiz zituela 20 urte esan zuen. Camagüeyra ere joan zen, 3.000 pertsonen txaloak ezin ixildu, eta Sierra Maestra ere bai, mendiak eskalatu eta La Gran Piedrako kafetal frantsesen usaina disfrutatuz. Garrantzitsuena, hala ere, kubatarrekin izandako harremanak izan ziren, artea miresten zutena, baina mirestekoa zen baita nola artistak nekerik gabe injustiziari muzin egiten zion ere.

Hunkituta itzuli zen artista uhartera azken aldian. Adoptatutako seme-alabek lagundu zioten eta egun batzuetan egon ziren Habana inguruko hondartza ondoan zegoen etxe batean.

Kuban bisitari maitatuenetako bat dute Joséphine Baker.

Aktibismoa

Joséphine Bakerrek gaztetatik ezagutu zuen arrazakeria AEB handian. Izar bilakatu ondoren ere, askotan ukatu zioten sarrera hainbat tokitan, “zurientzako bakarrik zirelako”. Horietako batean, New Yorkeko Stork Cluben, ondoan zegoen emakume baten arreta piztu zuen eta altxatu eta besotik helduta atera ziren biak. Grace Kelly printzesa zen eta laguntza erakutsi zion Bakerri.

Joséphine eskubide zibilen aldeko artikuluak idazten hasi zen eta, 1963an, Washingtonerako martxa handian parte hartu zuen, Martin Luther Kingen ondoan, hizlari izan zelarik. Unibertsitateetan hitz egin zuen, auzitegietan borrokatu edo Las Vegaseko enpresariak presionatu zituen ikuskizunetan beltzak ere onartzeko. Liderraren alarguna zen Coretta Scott Kingek Eskubide Zibilen Mugimenduaren lidergoa eskaini zion, baina artistak ezezkoa eman zion, bere seme-alabak ama galtzeko gazteegiak zirela esanez[11].

Bizitza pertsonala

1919an, Willie Wellsekin ezkondu zen eta, 1920an, banandu egin ziren.

1921ean izan zen bere bigarren ezkontza, Willie Howard Bakerrekin, eta haren abizena kontserbatuko zuen Joséphinek 1923an bereiztu eta gero ere.

Hurrengo bikotea Count Pepito di Abatino izan zuen eta 1926tik 1936ra arte iraun zion harreman honek.

Jende asko ezagutzeko aukera izan zuen Joséphinek eta abentura ugari kontatzen da. 1929an, bira batean, Le Corbusierrekin elkartu zen Argentina eta Brasil artean, ontzi batean. Disfraz festa batean hartu zuten parte eta, Joséphine txinatar muñekatxoa izan zen bitartean, Le Corbusier soldadu indioa izan zen, betaurreko eta guzti. Horrela esan omen zion abeslariak:

« Lagun bikaina zara zu. Lastima arkitektoa izatea![12]  »

1937an, Jean Lionekin ezkondu zen eta 1938ra arte egon zen harekin.

1947an, Joe Bouillon hartu zuen senar eta, 1957an, bereiztu ziren.

12 seme-alaba adoptatu zituen, jatorri ezberdinekoak, eta Rainbow Tribe deitu ohi zien: Akio, Janot, Luis, Jari, Jean-Claude, Moise, Brahim, Marianne, Koffi, Mara, Noel eta Stellina.

Eszena utzi eta gero, Les Milandes gaztelu zaharra izan zen artistaren azkenetako borroka, jabea bota nahian baitzebilkion alokairua ez zuela ordaintzen-eta. Garai txarrak etorri zitzaizkionean, laguntza publikoa eskatzeko dudarik ez zuen izan, seme-alabak aurrera ateratzeko.

Joe Bouillon senarra utzi eta gero, Joséphinek Robert Brady artistarekin egin zuen matrimonio sinbolikoa 1973an, apaizik gabe, Acapulcoko eliza batean (Mexiko). Hil arte egongo zen bikotekide honekin, 1975era arte[12].

Heriotza

1975eko apirilaren 12an, zerebro odoljario batek hil zuen Joséphine.

Jende andana handia izan zen bere hiletan eta Parisko kaleetan desfilatu zuten goibel. Frantzian ohore militarrak jaso zituen lehen emakumea izan zen Joséphine eta Monakon eman zioten lur.

Omenaldiak

Leku bat baino gehiago dago Parisen Joséphinen izenarekin eta Montparnassen dago Piscine Joséphine Baker.

AEBetan, St. Louis Walk of Fame eta Hall of Famous Missourians aretoetan ere present dago.

Artistaren seme-alabetako bik, Jean-Claude eta Jarryk (Jari) Chez Josephine izena duen jatetxea dute New Yorkeko Theatre Row-n, 42nd Street-en.

Artista ez gutxik omendu dute Baker, Whitney Houstonen, adibidez, I’m Your Baby Tonight abestuz edo Beyoncék bere jantzietako bat erabili zuenean 2006ko CBSren Fashion Rocks-en.

Ikuskizun askotarako bide eman du Joséphinen bizitzak eta, 1991n, Home Box Officek (HBO), AEBetako kable eta satelite bidezko telebista kanal ezagunenetako batek The Josephine Baker Story dokumentala aurkeztu zuen, bi Emmy Sari irabaziz.

Maiatzaren 20a Joséphine Baker eguna izendatu zuten, AEB-etan arraza segregazioaren aurka egindako ahaleginengatik.

Diskografia

  • Josephine Baker. Banana girl. Peter’s Music Factory, 1993.
  • Looking for/à la recherche de Josephine. New Orleans for ever (CD+3 bideoklip) , 2006.

Bere abesterik nabarmenenak:

  • C’est lui
  • Dis-moi, Joséphine
  • J’ai deux amours
  • Petite Tonkinoise

Filmografia

Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Joséphine Baker

Erreferentziak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s