2015 – MIKEL GARMENDIA OLAZIREGI hil zaigu

Ez zen makala gizona!

Zahartuta ezagutu nuen, jada, baina gazte zen bere oroitzapenetan, bere ametsetan eta hitzetan.

Ikasle asko samar jarri genizkion aurrean, egoerak zart egingo ote zuen beldur ginen, baina… ke ba! Mikelek gerran aurrera egin zuen bezala borrokatu zuen Jakintzako plazan eta gure ikasleak txundituta geratu ziren Virtudes emaztea ezagutu zueneko gora-beherak kontatu zituenean edo, kartzelan, Rufinirekin nola gozatu zuen esplikatu zienean. Posible ote zen gozamen hori? Posible ote zen aiton hark beraien moduko amodioak izatea? Adi-adi entzun zuten haren diskurtsoa eta jakin-minez geratu ziren hurrengo egunetarako ere. Tristetu zen Virtudesen heriotza kontatu zuenean, baina suerte handiko gizona izan naiz esaten amaitu zuen.

Bazkaltzera ere joan ginen, en petit comité. Hura gozamena! Ez zen haren lezioa bukatzen! Eta, elkarrizketan, ez zen bere gogoeta bakarrik agertu, egungo albisteak era ahoan zituen, Sarkozyren Carla dotorea edo informatikako azken ezagutzak, Beizaman egiten ari zenak.

Asko gozatu genuen berarekin eta errespeto handiz egin nahi diogu agurra. Harro esaten zuen bezala, bera jaio zen egunean hil zen Shakespeare, hil zen Garcilaso de la Vega eta … jaio nintzen ni. Ez dakit data horiek zuzenak diren, baina badakit hutsune galanta geratuko zaigula 100 urteko gizon hau joatean. Agur eta ohore, MIkel!

http://eu.wikipedia.org/wiki/Mikel_Garmendia_Olaziregitik hartuta:

Mikel Garmendia Olaziregi
Mikel Garmendia Olaziregi
Datu pertsonalak
Ezizena Belarra
Jaio 1915eko apirilaren 23a
Donostia (Gipuzkoa)
Hil 2015eko ekainaren 1a
Beizama (Gipuzkoa)

Mikel Garmendia Olaziregi —goitizenez Belarra— (Donostia, Gipuzkoa, 1915eko apirilaren 23aBeizama, Gipuzkoa, 2015eko ekainaren 1a) eusko gudaria izan zen, Itxarkundia batailoian aritua. 1937an, komisario politiko izateko proposatu zuten; ez zen kargua hartzera heldu, frankistek atzeman baitzuten. Heriotza-zigorra ezarri zioten, baina indultua lortu zuen, eta, urte asko kanpoan ibili behar izan eta gero, jaioterrira itzuli zen, bai eta berak bizi izandakoaren kontakizun aberatsa behin eta berriro egin ere. Jaiotzaz donostiarra eta bihotzez ordiziarra, euskal herritar agertzen zen beti.

Bizitza

Mikel Donostian jaio zen, 1915eko apirilaren 23an, aita eta ama berek 17 seme-alaba izan zituzten sendi batean. Mikelek lau urte zituela, Garmendia familia Ordiziara joan zen bizitzera, eta, gurasoak herriko batzokiko zaindariak zituenez, han bizi zen 1936an Gerra Zibila hasi zenean. Mikel txikiak, Ordiziako batzokiko atezainaren semeak, euskal aldizkari eta egunkariak —Eusko Langile, Amayur, Euzkadi…— saltzen zituen herri hartan eta Beasainen. CAF fabrikako langileei «Compre Euzkadi; periódico antiespañol» oihu egiten zien, eta zentimo bat eskuratzen zuen saldutako aleko.

Herritik alde egin zuen, eusko gudariekin bat egitearren. Mikel Itxarkundia batailoiko gudari izan zen, eta gerra motz eta intentsu hartan hartu zuen parte; lagun asko erori zitzaion bidean eta bera ere ia-ian ibili zen ez gutxitan. 1937an, komisario politiko izendatzeko proposatu zuten, baina ezin izan zuen kargua hartu, aurretik frankistek Torrelavegako bidean atzeman baitzuen eta, Santoñako traizioa delakoaren ondorioz, heriotzara zigortu zuten.

Garmendia, beste askorekin batera, Larrinagako goiko solairuko areto zabal batean sartu zuten. Bizitza osorako geratu zitzaizkion buruan Mikeli 1937ko abenduko egun eta gau beltzak, kartzelariek garrote vil prestatzen zuteneko hura, lo aurreko izua Miguel Garmendia, con todo el petate agindu fatidikoa noiz helduko ote zen zain… Mikeli ez zitzaion destino petrala iritsi, ordea, eta, beste lagun batzuekin, Burgosko presondegira eraman zuten 1938ko uztailean.

Larrinagatik libratu zen eta Burgoseko ziega batean sartu zuten, Joseba Rezola, Juan Ajuriagerra, Iñaki Unzueta, Luki Artetxe eta Javier Artazarekin batera. Preso ohiak ez du alde txarra bakarrik gogoan, alde onak ere ez zaizkio ahazten, kartzelako lagunak… Juan Ajuriagerrak aljebra irakatsi zion Mikeli, eta oraindik bere etxean gordetzen ditu Rufini metodoarekin ebatzitako bigarren graduko ekuazioz betetako koaderno haiek. Denbora nola-hala pasa behar zen.

1939ko urtarrilaren lehen egunean, heriotza zigorra kendu zitzaien ofizial ez ziren euskal presoei. Horiei —Mikeli, tartean— 1939ko irailaren 24an helduko zitzaien indultua.

Heriotzatik libratu bai, baina ez kartzelatik. Frankismoak Mikel Alcalá de Henaresko presondegira eraman zuen, eta 1943 arte ez zen libre geratu.

Hala ere ez zituen behartutako lan guztiak beteta, eta soldadutza egin behar izan zuen espainiar armadan, Afrikan: Tetuan, Tanger

Azkenean, Francoren diktaduraren sinbolo bihurtutako Valle de Los Caidos izeneko tokira iritsi zen, eta beste milaka preso asko bezala lan baldintza gizagabeetan aritzera behartu zuten zen. Asko hil ziren bere inguruan, eta itxaropen gutxi zegoen. Halako batean, Bilore enpresako Andres Arana Matxainek bisitatu zuen, eta handik alde egiteko bitartekoak jartzerik nahi zuen galdetu zion. Mikelek paperak beharko zituela erantzun zion, bestela ez zela oso urruti iritsiko.

Handik zenbait egunetara Aranak paperak eskuratu zizkiola esan zion, eta horrela, Valle de los Caídosetik alde egin zuen, Pablo Aguado Martínen nortasun agiriekin. Paper horien arabera, palentziarra zen jaiotzez, eta izen horretan ezkutatuta, lanean hasi zen Bilorek eta Bilboko Jabones Chimbo enpresak Malagako Fuentepiedran zuten lantegi batean.

Han ere adiskideak egin zituen, eta maitemindu ere bai. Laster ohitu zen malagar herri eta garai hartako bizimodura: lanez kanpo, andregaiarekin paseatzen ez zuenean, kartatan aritzen zen, beste edozein palentziarrek egingo lukeen bezala. Egia esan, beldurrak ahaztu zituen eta ingurua ez zitzaion arerio egin; antifrankista asko zegoen Malagan ere.

Baina Mikelek ez zuen ahazten bere sekretua eta, 1948an, tabernako jokolagun bati —polizia ohia bera— bere ezkutuko nortasuna aitortu zion. Lagun ona izan zen hura, eta benetako nortasunera itzultzeko izapideak egin zizkion. Atzean geratzen ziren Diario Vasco eta La Voz de Españako deiak, Mikel Garmendia iheslaria lehenbailehen Gipuzkoako Gobernu Militarrera aurkezteko adierazten zutenak, eta atzean geratuko zen Pablo Aguado. Erregimenarekikoak ordainduta zituen, jada, Mikelek.

Asko pentsatu zuen bere emaztegaia zen Virtudesi nola esan behar zion hura guztia. Hori egiteko eguna iritsi zenean, lasaitu ederra hartu zuen, malagar hark ez baitzion muzin egin eta, 1948an, ezkondu egin ziren. Bikotea eta jaio zitzaizkien bi alabak Andaluzian geratu ziren 1970era arte, Mikeli Zaldibiako Bilore fabrikarako lan eskaintza etorri zitzaion arte.

Virtudesek dena batera jakin zuen, bata bestearen atzean: Mikelek gerrako ezizena Belarra izan zuela; komando lanetan ibili zela ere esan zion, Itxarkundiakoen laguntzan, eta faxistei Falangeren banderatxoak kentzen zizkiela gaueko irtenaldietan; AGFA argazki kamara zaharrarekin etsaiaren posizioak erretratatzen zituela; eta Kandido Sasetak pistola-metrailadore bat utzi ziola behin eta…, arma harekin hiru tiro bota ondoren, trabatu egin zitzaiola; eta gerrarako ez zeudela prestatuta… eta eusko armadarik ez zegoela… eta armarik ez zutela… eta… lagun asko eta asko galdu zituela liskar hartan…

Virtudesek dena ulertu zuen eta haren alaitasunak aurreko zauriak estaltzen lagundu zion. Virtudes hil zitzaionean oso bakarrik geratu zen Mikel eta alabaren ingurura joan zen bizitzera, Beizamara. Bizi artean borrokan jarraitu zuen, ez zion irakurtzeari eta gauzak jakiteari utzi, internauta bihurtu zen, noranahi joateko prest zegoen bere bizipenak grazia handiz kontatzeko.

Saluditos, Mikel!

Landereñohttps://i2.wp.com/ticmates.wikispaces.com/file/view/profesora.gif/135367919/profesora.gif

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s